XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. SARRERA

1.1. SARRERA OROKORRA

Kantuak bizirik dirauen herrian zaharrek ez dute oroimena galtzen; gazteek ez diete oroimena galtzen uzten; eta haurrak gazte eta zaharren oroimena jasotzeko hezitzen dira.

Kantuak bizirik dirauen herrian oroimena kantu sorta eder bat da; eta zaharrak kantuen jaun eta jabe dira; gazteak kantuen hedatzaile, eta haurrak ikasle.

Kantuak bizirik dirauen herrian beti izango dira haur kantariak; eta haur kantarien atzean, beti hezitzaileak.

Baina, kantuak bizirik irauteko zer-nolako tradizioa eho du gure herriak?

Antzinako kantu herrikoiez testimonio historiko gutxi dugu. Izan badira erreferentzia batzuk Estrabon geografo grekoarena, adibidez, baina garai hartako gure musika nabarmenki aldatu bide zen, batez ere, kristautasunaren eraginez.

Gerorantz, musika kultuaz edo erdi-kultuaz, bada erreferentzia eta materialik ere Nafarroako gorteak, Bizkaia eta Gipuzkoako Kapera-maisuak, etab... baina herri-kantei dagokienez oso gutxi iritsi da gure egunetara.

Herriak, beraz, bere hizkuntzan kantatzen zuen, eta altxor musikal hori ahoz aho transmititu izan da mendeetan zehar, transmisio bide horrek aldaketa testual eta musikalak eragin dituelarik.

Bestalde, Erdi Aro eta Aro Modernoko musikarientzat herri-musikak ez du garrantzirik izan; beraz, jende honen musikan ez da herri-musikaren aztarnarik agertzen, ezta eliza inguruko musikagileen eskutik ere.

Eta, XIX. mendean Errenazimentuaren loraldian agertuko dira lehen (kantu zahar, doinu, dantza, etab.) bilketariak. Hala nola: Iztueta, Salaberri... Beranduago Gascue, eta nola ez, Aita Donostia eta R.M. de Azkue, beraien kantutegi baliotsuekin.

Bikote honek ondare ederra utzi du euskal kantagintzaren munduan murgildu nahi duenarentzat. Gaur egun biltzen hasi bagina, Azkuek eta Aita Donostiak bildutako laurdena ere ez genukeen aurkituko.